Proiektuak

ETXEBIZITZAK

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko eta bakarrik dauden adinekoek herrian bizitzeko aukera izan dezaten, herrian etxebizitza berriak egiteko proiektua orain dela 3 urte hasi zuen udalak. 8 etxebizitza izango dira, herrigunetik gertu (Antxaputxuko biribilgunearen ondoan), alokairu publikoan eta sozialean oinarrituta. Prezioak tasatuta daude dagoeneko eta diru sarreren eta etxebizitzaren neurriaren arabera jarriko da alokairuaren prezioa. Hileko alokairuaren estimazioa honakoa da: gutxienez 96 euro eta gehienez 260 euro inguru. Baldintzak jakiteko, informazioa udalean eskatu daiteke edo email bidez zeraindezagunfundazioa@gmail.com.

Proiektuak guztira milioi erdiko kostua izango du, eta horietatik 369.000 euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailetik eta Ihobetik. Bioeraikuntzan oinarritutako eraikina izango da, kontsumo txikikoa eta material ekologikoez egindakoa.

Ordezko zerrendak osatzeko izena emateko epea dagoeneko ireki da. Interesatuta dauden herritarrek zein goierritarrek Etxebiden izena eman dezakete, horrek izen-ematea erraztuko dielako. Jarraian baldintzak eta prozedurak jasotzen dira:

NORK ESKA DEZAKE?

Gazteek:

  • 18 eta 35 urte artekoa bazara
  • Etxebizitzarik ez baduzu jabetzan
  • Urteko 3.000 € eta 25.000 € arteko sarrerak baldin badituzu (zergaoinarria/base inponible reguladora)

Adinekoek:

  • 70 urte edo gehiago baldin baduzu.
  • Etxebizitzarik ez baduzu jabetzan.
  • Urteko 3.000 € eta 25.000 € arteko sarrerak baldin badituzu (zergaoinarria/base inponible reguladora).

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA:

Etxebiden erregistratuta bazaude:

  • Etxebiden erregistro agiriaren fotokopia.
  • NAN fotokopia.
  • Errolda agiria non eta noiztik erroldatuta dagoen zehazten duena

Etxebiden erregistratuta ez bazaude:

  • 2018ko errenta aitorpena edo Ogasuneko ziurtagiri negatiboa.
  • Eskatutako errentak betetzen dituzuela ziurtatzen duen agiria.
  • Gipuzkoan edo Gipuzkoatik kanpo etxebizitzarik ez duzula ziurtatzen
    duen ziurtagiria.
  • NAN fotokopia.
  • Errolda agiria non eta noiztik erroldatuta dagoen zehazten duena.

Dokumentazioa emailez bidali behar da helbide honetara:

zeraindezagunfundazioa@gmail.com

ETXEAK ESLEITZEKO PROZEDURA:

  • 8 etxebizitza emango dira alokairuan, 6 gazteentzat eta 2 adinekoentzat.
  • Esleipen prozesua egin ondoren, gazteen etxeren bat hutsik geratuko balitz adinekoei esleituko litzaieke edo alderantziz.
  • Betebehar guztiak betetzen dituztenek 100 puntu jasoko dituzte.
  • Azken bi urtetan Zerainen erroldatuta egoteagatik 5 puntu jasoko dira.
  • Azken bi urtetan Mutilo, Zegama, Segura edo Idiazabalen erroldatuta egoteagatik 3 puntu jasoko dira.
  • Azken bi urtetan Goierriko beste edozein herritan erroldatuta egoteagatik puntu 1 jasoko da.
  • Puntuazio berdina atera dutenen artean zozketa egingo da. Zozketa publikoa izango da.
  • Etxea esleitu ondoren norbaitek atzera egingo balu zerrendan hurrengoari eskainiko zaio.

EGUNERAKETA: Dagoeneko lehen esleiketa prozesua burutu da eta ordezkoen zerrenda osatzeko izen ematea irekita dago itxiera data gabe.

LABEAK

Zeraingo Aizpeako meategietako labeen egoera nahiko okertu da azken urteetan, eta beharrezkoa zen hauek eraberritzea. Horretarako Espainiako Gobernuko Fomentuko Ministerioko “1.5% cultural” diru laguntza jaso da Proiektu osoaren balioaren %75 jasoko da ministeriotik, guztira obraren aurrekontua 725.00 €-takoa da.