Ekosistemen berreskurapena

Zeraingo udalak urteak daramatza bertako ondare naturalaren kontserbazio egoera hobetzeko eskuhartzeak burutzen. Asmoa Aizpeako meategi inguruan eta baita Lasurtegiko hezegunearen eta Aizkorri-Aratzeko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) inguruetan ere garatzen diren intereseko habitaten kalitate ekologikoa hobetzeko aurrerapausoak ematea da. Helburu hauek lortzeko, Eusko Jaurlaritzaren Natur Ondarearen Kontserbazioaren lerroko dirulaguntzak baliatu ditu udal honek.

Izan ere, Aizkorri-Aratz KBEaren kontserbazio helburuen artean daude baso naturalen hedadura emendatzea, bai eta hauen naturalitate maila eta konplexutasun estrukturala baso adindunekoetara gerturatzea ere. Honekin batera, kontserbazio bereziko eremuan aurki daitezkeen kiroptero espezieen presentzia egonkortu eta kontserbazio egoera onean mantentzea lortu nahi da bide batez. Zeraingo Udalak bere lurren zati bat KBEaren baitan duela aintzat hartuta, bere egiten ditu helburu hauek, eta hainbat ekintza burutu ditu.

EUropar Batasuneko logoa

SAGUZARRAK

Saguzarrak elementu gako bezala daude definiturik Aizkorri-Aratz KBE-ko kudeaketa planean. Esparru Natural Babestu honetan 19 kiroptero espezieen presentzia ezagutzen da gutxienez. Guztiak daude jasota Euskal Herriko Espezie Mehatxatuen Zerrendan eta Habitat Aztertarauaren 4. eranskinean (92/43/CEE). Baso eta eraikin zein leizezuloetan hartzen dute babesa espezie hauek.

Basoetako espezieek (Barbastella barbastellus baso-saguzarra kasu) zuhaitz zaharren presentziarekiko dependentzia handia dute babestu eta ugaltzeko, inguruko basoetan elementu eskasa izanik. Hauek mesedetzeko beraz, kabi-kutxak jarri dira zartaduradun zuhaitzen presentzia eskasa den guneetan.

Saguzarrak orohar, baina leizeetako espezieak bereziki (Rhinolophus ferrumequinum ferra-saguzar handia kasu), oso sentikorrak dira giza asalduretara, eta garrantzitsua da lehentasunezkoak diren babeslekuak identifikatu eta babestea, euren populazioetan kalteak eragin ditzazketen faktoreak murriztuz. Zerainen, Makinetxe eraikinean aurkitu dute babesa saguzarrek, eta hauek babeste aldera, hainbat lan burutu dira bertan. Hala nola, eguzki argiaren sarrera murriztea, sarrera eta irteerako irisgarritasuna bermatzea,  zein harraparien sarrera ekiditeko egiturak ezartzea.

Baso-saguzarra (Barbastella barbastellus)
Ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum)

BASOAK

Egun martxan dagoen proiektuan  aurrera eramaten ari diren ekintzen bidez, Zeraingo basoen egitura zein funtzionalitatean hobekuntzak egitea espero da, intereseko espezieentzako mesedegarri izango diren aldaketak sustatuz eta aldaketa klimatikoaren aurrean egokitzapen zein erresilientzia gaitasunak areagotuz.

Basoen egitura zein funtzionalitatea hobetuz, gizakion ongizatea bermatzeko ezinbestekoak diren ekosistema konplexu eta anitzak lortuko dira:

  • Higadura murrizten eta lurzorua babesten lagunduko dute, kalitatezko ura ahalbidetuz.
  • Klima aldaketaren eraginetara egokitzeko ezinbestekoak dira eta arintzen ere lagunduko dute karbono xurgatzaile funtzioa betez.
  • Biodibertsitatearen gordailu dira, eta landare, animalia zein onddo, aniztasun oparoa eskaintzen dute.
  • Inguruneaz gozatzeko eremu ezinhobeak eskaintzen dizkigute, gizakion osasuna bermatuz.

Helburu hauek lortzeko, hainbat ekintza burutu dira.

Argiuneak ireki dira zuhaitzak eraitsiz zein eraztunduz. Ekintza honen bidez, naturalki datorren basopea indartu da, eta aldi berean zutikako zein etzandako egur-hilaren ekarpena bideratu da. Ondoren, ametz landaketak burutu dira basopeak hala eskatu duen eremuetan. Ametz hauen artean fruitudun zuhaitz eta zuhaixkak ere tartekatu dira, faunarentzako baliabide trofikoak emendatuz eta basoaren konplexutasun estrukturala areagotuz. Eta azkenik, hainbat zuhaitzi adineko zuhaitzen ezaugarri bereizgarriak induzitzeko eskuhartzeak burutu dira, intereseko espezieentzako babesguneak sortze aldera.

Lan hauen bidez, Zeraingo lurretan baso autoktonoen azalera emendatu eta baso hoien egitura konplexutasuna areagotzea lortu da, ekosistema funtzionalagoak izateko pausoak emanez.

HEZEGUNEAK

Zeraingo Lasurtegi errekaren arroaren hegoaldean, iragazkortasun txikiko material geologikoak daude: tuparriak nagusiki. Iragazkortasun txikiko eremu hauetan, ura lur gainetik mugitzen denez, erreka eta errekasto ugari jaiotzeaz gain, Olaiztinga eta Basaltegiko istingak sortzeko baldintza egokiak eman dira. Barnealdeko hezegune ez iraunkor hauek, garrantzi handikoak dira ur emari iraunkorrak bermatzeko eta biodibertsitatearen babeserako. Horregatik daude EAEko hezeguneen katalogoan barneratuta.

Ur-istildu eta istingak biodibertsitaterako balio handiko eremuak dira, sortzen dituzten baldintza bitxien ondorioz, landare eta animalia berezien bizileku baitira. Istingaren barnean lezkadia (Typha latifolia), belardi-ihidia (Juncus sp.) eta ibaiertzetakoa ez den haltzadia (Alnus glutinosa) bezalako habitatak daude. Faunari dagokionean, penintsula eta Europa mailan babestua dagoen txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) eta penintsula mailan babestua dagoen uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) topa daitezke. Narrastien kasuan, sugandila bizierrulea (Zootoca vivipara) eta EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan Interes bereziko espezie bezala sailkatuta dagoen eskulapio sugea (Zamenis longissimus).

Istingak oso ekosistema zaurgarriak dira, baldintza jakin batzuei estuki loturik daudelako. Lurrazaleko uren pilaketaz sortzen da Basaltegiko istinga. Arroan baldintza hauek aldatu orduko, bertako landaredi zein faunaren biziraupena arriskuan dago. Hainbat dira hezegune hauek jasaten dituzten mehatxuak:

  • Makina zein ibilgailuen zapalketak landaredian kalteak eragiten ditu.
  • Pistek eraldaketa hidrologikoak eragiten dituzte, lurrazaleko uraren bideak aldatuz. Adar-hondarrek kolmatazio arazoak sor ditzakete.
  • Abelburuen bazkatzeak ongarritzea eta eutrofizazioa, zapalketa eta lurraren galera eragin dezakete.
  • Gutxiegizko larratzeak, landaredian transformazioa eragin dezake bere segida ekologikoan zehar .

Zaila gertatzen da oreka hauskor hori mantentzea, eta oso sentibera da eremu hauen kudeaketa.

Basaltegiko istingan erabilera desberdinek eragina izan dute aspaldidanik: Aizpeako meategiaren ustiapenaren ondorioz sortzen ziren hauts eta sedimentuek, eraikitako azpiegiturek (bide eta trenbideek), zuhaitz mugarratuen ustiapenek, pertsona eta gurdien joan-etorriek e.a. Beranduago, 50. hamarkadan, aldikako istilduak jasaten zituen eta abeltzantzara bideratuta zegoen ihiz beteriko belardia zen. Jarduera honen beherakadaren ondorioz, baso exotikoen landaketak egin ziren, Basaltegiko istinga insignis pinuaz (Pinus radiata) betez.

Azken hamarkadan udalak hezegunea babesteko pausoa eman du, eta ingurune honetan giza jarduerek eragiten dituzten desorekak kudeatzeko lanean darrai, istingak istinga izaten jarrai dezan.