Andra Mari Eliza

  • Zeraingo Andra Mari Eliza
  • Zeraingo Andra Mari Eliza barrutik

Herriguneko eraikin nagusienetako bat da Andra Mari Eliza, XV. mendearen lehen zatian eraikia.

Zer-ikusi asko eskaintzen du, baina harribitxiz apaindutako kobrezko gurutze erromaniko ederra aipatzekoa da: XII. mendekoa da, Gipuzkoako bakarra, Zegamako elizan dagoenaz gain.

XVII. mendeko harri landuz eginiko Bataio Pontea ere ikus dezakegu. Bataio Ponte honek bere irudiak mantentzen ditu: Zeraingo armarria, eguzkia, lehoia, mahats lukua, ilargia, etab. Ur bedeinkatuarentzako hiru ontzi, korua, pulpitua, aldare nagusia eta albotako bi txikiak, hilobiak, arku korala, bobedak, etab. dira Andra Mari Elizaren edertasuna osatzen duten beste elementuak.

Sorrera eta eraberritzea

1556. urteko Bataio Liburua da dokumentu zaharrena, baina elizan dagoen Joan Garcia de Cerainen hilobian gotikoz jartzen duen idazkiak, "Hilobi hau Joan Garcia de Cerainek egin zuen, 1457 urtea", dio.
Gaur egun ikus dezakegun eraikina, berriz, XVIII. mendean eginiko eraberritze lanen ondorioa da. Elizaren egoera lazgarria ikusita, eta Doña Maria de Cerain y Zarauzen eskariz, 1709. urtean Iruñeako Artzapezpikuak eraberritze lanak hastea onartu zuen. Lan hauek Juan de Carrera arkitektuak eginiko planoetan oinarritzen dira, nahiz eta aldaketa ugari jasan zuten, herritarrek egiten zuten lanen jarraipen zuzena zela eta. Lan hauen ondorioz, hasierako egurra Zeraingo Oa harrobiko harriz ordezkatu zen. Kanpoko lanak bukatutakoan barne apainketari ekin zioten, eta gorabehera batzuen ondoren, Diego Martinez de Arzeren jarraibideetan oinarrituz egin ziren gaur egun ikus daitezkeen barroko estiloko hiru erretaulak.

Helbidea

Herriko plaza, 20214 Zerain, Gipuzkoa

Bisitak

Sarrera doakoa da, turismo bulegoan galdetu.

Kategoria
Turismoa